Badator Olentzero Zabalganara!

Laugarren urtez Olentzero Zabalganara etorriko da, eta berarekin batera Eguberria, opa izate onak eta urte berria.

Olentzero Batzordea osatzen dugun elkarteok (Zabalgana Batuz eta Pasabidea auzo elkarteak,  Mariturri ikastetxeko Haizea guraso elkartea, eta Zabalgana ikastetxeko Amesti-Txiki guraso elkartea, Berri Bide skaut taldea, Aspace eta Zabalgain kultur ekimena) gure esker ona eman nahi diegu berriz ere Olentzero gure artean izatea posible egin duten guztioi: auzoko komertzio zein era batean edo bestean lagundu duen orori.

Olentzerok ziurtatu digu auzora Zabalganako basotik iritsiko dela, horregatik arratsaldeko seietan basoaren sarreran (Mariturriko Bulebarraren 26garren zenbakian) itxarongo diogu eta ondoren kalejiran joango gara auzoan zehar Zabalgana ikastetxeraino. Bertan jaialdia egingo dugu Olentzerorekin batera, dantzak, kantak eta beste hainbat ekintza egongo direlarik bere etorrera ospatzeko.

Hotza egingo duela aurreikusten da eta Olentzerok haurrak zaindu nahi dituenez, jaialdiaren bukaeran txokolate beroa egongo dela iragartzea eskatu digu, Zabalgana ikastetxeko aterpean haurrek dantzatu, abestu eta Olentzerorengana gerturatu eta txokolatezko muxu bat eman diezaioten.

Haurrek auzoko bi ikastetxeetan ikasten ari diren dantza eta abestiekin batera, Olentzerok haur eta ez hain haur direnen eskutitzak jasoko ditu. Eskutitz hauek ikastetxeetan, haur eskoletan eta auzoko komertzioetan topatu daitezke. Espero dugu jai honen ospakizunak haur guztien parte hartzea bermatu ahal izatea, eta horrekin batera ikazkinak bere zakuan auzoarentzako eta auzokideontzako gauza on piloa ekar dezala.

Gure aldetik, eguberri ona pasa dezazuen opa dizuegu, eta egun zoragarri honetaz gozatzera gonbidatzen zaituztegu. Eguberri on eta gora gure Olentzero!!

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*