Martxoak 9 larunbata

Hurrengo larunbata, zabalganako euskaltzaleontzat berezia izango da zalantza izpirik gabe, izan ere, euskararen aldeko bi hitzorduz osatutako egitarau erakargarria osatu da auzoan.

Lehenengo eta behin, gu parte garen Zabalganako Korrika Batzordeak antolatuta, auzoko Korrika Jaia egongo da. Goizeko 11:30etatik aurrera eta Labastida plazan hasita, eragile eta elkarte desberdinek parte hartuko duten korrika bat burutuko da auzoko kaleetan zehar. Esanguratsua da auzoko hainbat elkarte eta eragile korrika honetan parte hartzeko izan duten borondatea, jarraian zerrendatzen dizkizuegu hauek denak: Zabalgana Batuz, Aspace, Aemar, Zabalortu, Haizea Mariturri guraso elkartea, Armentia ikastola, Zabalganabide kirol taldea, Amezti-txiki guraso elkartea eta gu geu, Zabalgain kultur elkartea. Ohar modura, jakinarazi nahi dizuegu Berribide Eskaut Taldeak eta Parrokiak hasieran baiezkoa eman arren azkenean uko egin diotela Korrikan parte hartzeari, baina jakiterako kartelak eginda zeudenez ezinezkoa izan da haien izenak bertatik kentzea. Hemen duzue ibilbidea eta gutxi gora-beherako ordutegiak:Zabalganako korrikaren ibilbideaBehin korrikaldia bukatuta, jaiari emango diogu hasiera Zabalganako eskolan. Bertan musikaz giroturiko festa bat egongo da, non adin guztietako euskaltzaleek beren tokia aurkituko duten. Denetarik izango dugu, txikientzako jolasak, aurpegi margoketak, euskal dantzak, trikitixa, txalaparta tailerra, etab. Korrikaren aldeko edariak ere egongo dira, hala nola, sagardoa, ardoa, ura… eta nola ez, txistorra goxo-goxoa. Festari amaiera eman baino lehenago, auzoko kilometroaren alde saldu diren eta egunean bertan salduko diren boletoen zozketa burutuko da. Adi egon, irabazleak martxoaren 19an Korrika auzotik igarotzean lekukoa eramateko ohorea izango duelako!

Jarraian Zabalganako Korrika Jaiaren kartela:

Korrika Jaiaren kartelaEta bukatzeko, gauean, hau bai guk geuk antolaturiko jaialdia. Gasteizko Gaztetxean izango da eta 22:00etan emango zaio hasiera gehienbat euskal-afrikar doinuak uztartuz kultur aniztasuneko musika egiten duen HARRESIAN ZULO taldearen kontzertuarekin. Kontzertua bukatzean, nahi duenak parrandarako aukera izango du Gaztetxean bertan, musika ezin hobearekin. Beraz, gerturatzera animatzen zaituztegu, kontzertura eta parrandara, edo baita soilik tragu pare bat hartzera bada ere, edozein modutara gu lagunduko gaituzuelako.

Jakinaren gainean uzten zaituztegu, euskararen aldeko bi hitzordu, goizez Zabalgana auzoan eta gauez Gasteizko Gaztetxean. Zuen zain egongo gara! Zabalgana ere euskalgintzan!

kontzertu kartela

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*